«Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?»

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar herria bezala.

Kristina Berasain Tristan. (Lizarra, 1973)

Ahaztutako gatazketan eta giza eskubideetan espezializatutako kazetaria da. Berria-ko Mundua saila zuzendu du urte luzez, eta orain, eszedentzia bat amaituta, egunkarira itzuli da. Hegoaldera eta ekialdera bidaiatzeko joera du eta askotan palestinarrak, kurduak, amazigak, errefuxiatuak eta bereziki, sahararren gatazkak hartu izan ditu hizpide. Saharako herria banatuta dagoen hiru eremuetara bidaiatu duen kazetari bakarretakoa da: lurralde okupatuetara, lurralde liberatuetara eta errefuxiatuen kanpalekuetara. Mezuak Mendebaldeko Saharatik dokumentalaren eta Sahara, herri bat erresistentzian liburuaren egilea da. Azken horrengatik aurten Argia saria irabazi du.

Zergatik murgildu zinen nazioarteko kazetaritzan?
Kazetaria naiz idaztea gustatzen zaidalako eta jakin-mina dudalako, mundua ezagutzeko jakin-mina. Oroitzen naiz 13-14 urterekin Carmen Sarmientoren Los Marginados ikusten nuela telebistan. Eta Rosa María Calaf kazetariaren erreportajeak [TVEko] Informe Semanal saioan. Gogoratzen dudan lehen objektua munduko bola bat da. Ohe gaineko apalean zegoen, txiki-txikia zen, eta denbora pila ematen nuen hari begira, herrialdeen eta hiriburuen izenei begira. Batzuetan erori eta bitan banatzen zen. Mailatuta zegoen. Munduaren metafora bat dirudi.

Nola pasa zinen Lizarratik mundu zabalera?
Bilbon ikasi ondoren Lizarran hasi nintzen tokiko kazetaritza egiten Egin egunkarian. Bertako kronikak idatzi eta argazkiak ere egiten nituen. Karreteak La Estellesa autobusean bidaltzen nituen Iruñera 17:00ak baino lehen. Egin-en itxiera bizi izan nuen eta gero Egunkaria-rena. Iruñeko ordezkaritzan hasi nintzen ordezkapenak egiten eta duela 21 urte, itxi zutenean, Berria sortu arteko hilabete horietan sostengu kanpainak antolatzen eta kamisetak eta akzioak saltzen ibili ginen kazetariok herriz herri. Egunkaria ostegun batez itxi zuten eta astelehenean nintzen hastekoa Mundua sailean. Berria sortzearekin batera hasi nintzen Andoaingo erredakzioan, eta ordutik Donostian bizi naiz. Lau urtez eszedentzian izan naiz, eta orain hasi naiz berriro, Bizigiro sailean. Pozarren nago niretzat kazetaritza kalea zapaltzea delako, eta sail horrek aukera ematen dit elkarrizketa eta erreportajeak egiteko. Artean ez dut teletiporik irakurri. Fermin Leizaola elkarrizketatu berri dut, eta elurtegien inguruko erreportaje bat idatzi… Gustura ari naiz.

Gehienetan gatazkan dauden herrietara zuzentzen duzu begirada?
Bai, hala da. Joera izan dut beti ertzei eta ahaztutako herriei begiratzeko eta esango nuke Berria-k toki berezia ematen diela gatazka horiei. Orain Gaza dago lerro-buruetan, baina gertatzen ari den genozidioa ez da berria. Oso atzetik dator, Saharako gatazka bezala. Palestinakoa eta Saharakoa isilarazitako gatazkak dira eta gauza asko dute amankomunean. Paralelismo asko egin litezke. Kolonialismotik eratorritako gatazkak dira, bi estatu okupatzaile ditugu eta horren aurrean erresistentzian ari diren bi herri. Bietan daude harresiak eta apartheid-a, eta bietan ari dira erabiltzen, edo erabili izan dute, napalm edo fosforo zuria zibilak bonbardatzeko. Israel eta Marokoren arteko konplizitatea erabatekoa da. Ez dugu ahaztu behar une honetan Marokok droneak erosten dizkiola Israeli lurralde liberatuetan dauden sahararrak bonbardatzeko.

«Israel eta Marokoren arteko konplizitatea erabatekoa da. Une honetan Marokok droneak erosten dizkio Israeli sahararrak lurralde liberatuetan bonbardatzeko”

Eta biek Mendebaldearen sostengua jasotzen dute.
Hori da gure hipokrisia. Zibilizazioa deitzen dugun mundu honetan gero eta deshumanizazio handiagoa dagoela esango nuke, eta bi gatazka horiek bi minututan konpondu litezke, benetako borondaterik balitz. Nazioarteko zuzenbidea ezartzea baino ez da egin behar, baina argi dago interes ekonomikoak zintzotasun politikoen eta giza eskubideen gainetik jartzen dituztela. Sahararen kasuan ere oso nabarmena da. Nazio Batuen Erakundeak dozenaka ebazpen onartu ditu erreferendum bat egitearen aldekoak.

Zergatik ez dute nahi?
Interes ekonomikoak daudelako. Gatazka guztien muina hori izaten da. Eremu hauetako baliabide naturalak bereganatu nahi dituzte. Palestinaren kasuan lurralde oso bat bereganatu du Israelek, ez soilik Gaza. Zisjordanian eta Jerusalemen ere palestinarrak kanporatzen ari dira, eta Marokoren kasuan ere oso garbi dago okupazio horren atzean espoliazioa dagoela. Mendebaldeko Sahara oso oparoa da arrantzan, adibidez. Hor esan behar da Europar Batasuna Marokoren konplizea dela, harekin arrantzarako akordio bat sinatu duelako. Bestalde, aire zabaleko munduko fosfato meatze handiena dago han eta petrolioa, urrea… Sekulako inpunitatea dute. Israelgoa laborategi bat da erakusteko herrialde batek beste herrialde baten aurka edozer egin dezakeela eta ez dela ezer gertatzen. Europaren jarrera itzela izaten ari da. Kriminalen eskuetan gaudela pentsatzen dut batzuetan. Nire kezka zera da: Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?

Zer uste duzu Espainiaren jokamoldeaz?
Bitxia da ikustea nola Pedro Sánchezek Israelen bi estatuen sorreraren aldeko mezua bidali duen eta, aldiz, biraketa bat egin eta Marokori Sahararen gaineko subiranotasuna aitortu dion. Espainiak jarraitzen du izaten potentzia administratzailea, eta sahararrek mila bider errepikatu duten bezala, erantzukizun politiko, juridiko, historiko eta morala dauka.

Brahim Gali, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea joan den udaberrian elkarrizketatu nuenean horixe galdetu nion, biraketa honen arrazoiaz, eta, esaten zidan hirugarren traizioa izan dela, labana bera zauri berean mugitzea. Aitortu zuen ez zuela jarrera aldaketa hori espero eta zerbait pertsonala egon zitekeela hor. “Espainiari dagokio argitzea, zerbait oso larria egon behar du, sekreturen bat, xantaiaren bat, presidentearen beraren nortasunaren edo ingurukoen aurka”. Halaxe esan zuen. Marokok hainbat gai erabiltzen ditu presio egiteko: Ceuta eta Melillaren auzia, islamismoa, immigrazioa… Askotan ikusi izan dugu nola Espainia «txintxoa» ez denean Marokok bat batean mugak zabaldu eta hesietatik edo pateretan jendea pasatzen uzten duen. Hori presio mekanismo bezala erabiltzen dute. Saharar askok, aldiz, galdetzen dute Espainiari ez ote litzaiokeen gehiago interesatuko Mendebaldeko Sahara libre batekin akordioak zuzenean egitea, Marokoko diktaduratik at.

Erresistentzian tinko ia 50 urte.
Bai. Erresistentziaren sinboloa eta duintasunaren paradigma dira. Mendebaldeko Saharan identitate ikur guztiak daude debekatuta, hasi hassania hizkuntzatik edo musika edo poesia, dena debekatuta dago, baita adierazpen askatasuna ere. Haima bera ere bai. Hala ere, lurralde okupatuetan itzela da erresistentzia eta bereziki emakumeena. Sultana Khaia, adibidez, 557 egunez eduki zuten bere etxean setiatuta. Militarrak, paramilitarrak eta jendarmeak bere etxera sartzen ziren, kolpatu eta torturatu egiten zuten, eta baita bortxatu ere, bere ahizpa Uara bezala, haien amaren aurrean bortxatu zituzten biak, eta, hala eta guztiz ere, Sultana egunero ateratzen zen bere etxeko teilatu laura Saharako ikurra astintzera.

«Sahararrek denbora neurtzeko beste tempo bat dute: lehentasuna da egunen batean askatasuna lortzea eta ez hori noiz etorriko den”

Zenbatekoa da Saharako populazioa?
Zaila da kopurua zehaztea, azken batean zatituta dagoen herri bat delako. Marokok 1975ean Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean askok ihes egin zuten basamortutik eta exodo horretan Aljeriako Tindufen babestu ziren, baina beste asko Mendebaldeko Saharan gelditu eta gaur egun arte irauten duen jazarpena jasaten ari dira. Asko eta asko kartzelan edo desagertuta egon ziren. Emakume batzuk hamasei urtez egon ziren desagertuta. Kartzelatik atera zituztenean euren seme-alabak ez zituzten ezagutzen. Senarra beste emakume batekin ezkonduta zegoen. Kontakizunak latzak dira…

Beste batzuk kanpalekuetan bizi dira.
Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan 180.000 inguru bizi dira, edo biziraun dute, hobe esanda. Basamortuen basamortua da hura, hamada, aurretik inor bizi ez zen leku idorra. Zerua goian eta hondarra azpian. Behin-behinekoa behar zuen egoera betikotu egin da eta, hala ere, iraultza egin eta estatu bat sortu dute han. Fronte Polisarioak askapen mugimendu nazional bat izaten jarraitzen du.

Eta gero harresia dago.
Bai. Mendebaldeko Sahara bitan dago banatuta. 2.700 kilometroko harresi militarrak, munduko luzeenak, zatitzen du lurraldea. Horren hegoaldean dauden lurralde liberatuetan orain arte nomadak bizi ziren, gamelu eta haimekin beraien bizimoduari nolabait eusten ziotenak. Hodeien seme-alabak dira, baina duela hiru urte hasi zen gerrak arriskuan jarri du behinolatik datorren bizimodu hori. Maroko dronekin bonbardatzen ari da lurralde liberatuak eta Tindufera ihes egin behar izan dute babes bila. Bigarren Nakba bat gertatzen ari da, bigarren exodo bat.

Gazteak engaiatuta daude borrokarekin?
Erabat. Erresistentzian dagoen herri bat da. Mendebaldeko Sahara Afrikako azken kolonia da. Espainiaren traizioaren ostean, okupazioa etorri zen, eta gero exodoa. Lehenengo gerra hamasei urtez luzatu zen, gero 29 urtez egon ziren ez bake-ez gerra egoeran, eta duela hiru urte gerrara itzuli ziren. Gazteek, nazioartearen axolagabekeriaren aurrean, urteak zeramatzaten gerra aldarrikatzen.

Nolakoa izan zen zure lehen bidaia Aaiunera 2005ean?
Kazetaritza herrialde baten demokraziaren neurgailua da. Marokok dozenaka kazetari eta begirale kanporatu ditu. Ez ditu lekukoak nahi. Ni lehenengo aldian nahiko xalo joan nintzen. 2005ean Intifada egiten ari ziren eta iristen zen informazioa oso eskasa zen. Berria-k erabaki zuen norbait bidaltzea. Hegazkinetik jaitsi bai baina gero lau bat ordu eduki ninduten gelaxka ziztrin batean, Mohamed VI.a erregearen erretratu baten azpian. Poliziak etengabe aritu ziren galderak egiten, harik eta nitaz aspertu eta hegazkinera indarrez eraman ninduten arte. Agadirren Espainiako Kontsulatuko ordezkariak nituen zain. Martxelo Otamendirekin hitz egiteko aukera izan nuen gela hartatik.

Handik hamar urtera lortu nuen Aaiunen sartzea Donostiako Udaleko delegazio batekin. Aminatu Haidar giza eskubideen ekintzaile ezaguna gure hegaldi berean zihoan. Aaiungo alkatea bera etorri zen aireportura harrera egitera. Esan zigun lehen gauza izan zen ezin genuela independentistekin elkartu, argi zekienean horretara gindoazela. Polizia denbora guztian atzetik eduki arren, bost egun horietan hogei bilera baino gehiago egin genituen ekintzaileekin.

Emakume batentzat zailagoa da ibiltzea gatazka gune hauetan?
Sekula ez naiz gerra batean izan. Gervasio Sánchezek esaten du gerrak ez direla amaitzen Wikipediak esaten duenean. Makropolitika edo geopolitika baino gehiago interesatzen zait gatazkek herritarrengan sortzen dutena kontatzea. Nik ez dut arazorik izan bidaiatzean. Bakarrik bidaiatu dut beti eta esango nuke kasu batzuetan errazago iristen zarela kontakizun batzuetara, emakume sahararrengana, adibidez. Niretzat altxor bat izan da, kanpalekuetan haimaz haima ibiltzea eta tea edan bitartean emakumeen kontakizunak entzutea.

Harreman berezirik ba al dago Euskal Herria eta Sahararen artean?
Baietz uste dut. Hemen ere bizi izan ditugu diktadura eta errepresioa, eta esango nuke egoera berean dauden beste herriekiko gertutasun hori sumatzen dela. Euskal kulturak eta Saharakoak badute antzekotasunik: biak ahozko tradiziotik datoz, bietan daude bertsoak, edo irrintziaren antzeko oihua, ezgharit-a, edo auzolana… Julio Caro Baroja izan zen han ibili zen lehen euskal herritarra eta sekulako lan antropologikoa egin zuen. Estudios saharianos (Saharako azterlanak) ezinbesteko liburua da. 500 orrialdetan kontatzen du haimak nola zutitzen diren, zenbat atal dituzten, dromedario hitza hassanieraz nola esaten den bederatzi modutan… Gerra hasi arte hemengo arkeologoak joan izan dira eta beste erakunde asko lan itzela egiten ari dira: Euskal Fondoa, Hegoa Institutua edo Mundubat, besteak beste. Sahararrak oso eskertuta daude badakitelako badagoela nolabaiteko konplizitate bat bi herri hauen artean. Gainera, Oporrak Bakean programak lotura politak bultzatu ditu hango eta hemengo familia askoren artean.

Nortasunaren aldetik, nolakoak dira?
Oso herri berezia da. Harrotasun puntu bat daukate eta magnetismo berezi bat. Duintasun ikaragarria dute. Zaila da herri bat definitzea, baina niri asko gustatzen zait lehen pertsonan hitz egiteko daukaten errezeloa. Saharar bati eskatzen badiozu bere bizitzako pasarte bat kontatzeko, gerrakoa edo exodokoa, adibidez, beti esaten du “niri gertatu zaidana ez da beste saharar batzuei gertatu zaiena baino okerragoa”. Arreta deitzen dit horrek. Herri gisa mintzatzen dira.

Erresistentzian dagoen herri bat da eta denbora neurtzeko beste tempo bat dute. Beraientzat lehentasuna da egunen batean askatasuna lortzea eta ez hori noiz etorriko den. Ez dute denbora neurtzen gure parametroekin. Akaso basamortuaren izaerarengatik izango da. Badago esaera zahar bat esaten duena itxaroten dakienari itzala iritsiko zaiola. Gure mundu azeleratuan kosta egiten zaigu jarrera hori ulertzea.

«Argia sariak balio izan dit are gehiago ezagutzera emateko. Nomada bezala ibiltzen naiz herriz herri liburua aurkezten, haima muntatu eta desmuntatu»

Liburuaren aurkezpen asko egiten ari zara. Pozik zaude harrerarekin?
Oso. Argia sariak balio izan dit are gehiago ezagutzera emateko. Nomada bezala ibiltzen naiz herriz herri liburua aurkezten, haima muntatu eta desmuntatu. Ederra izaten ari da. Lehengoan Arrasaten 25 emakume saharar etorri ziren haien melhf-ekin, soinekoekin, hunkituta.

Egun hauetan Donostian errefuxiatuen inguruko erakusketa batean zure testuak ikus ditzakegu, ezta?
Bai. Ihesa zilegi balitz erakusketa proiektu ederra bezain latza eta beharrezkoa da. Gari Garaialde eta Javi Julio argazkilarien ekimena da, eta asko eskertzen diet nigan jarritako konfiantza. Bidasoan gertatzen ari dena aurrez aurre jartzen du kaleko erakusketa honek. Lehen kanpora joaten ginen migrazioaren inguruko erreportajeak egitera, baina orain hementxe dugun errealitatea da. Bulebarrean egongo da apirilaren 7ra arte.

Hurrengo bidaia?
Embarka Brahim Bumajrutari liburua eramatera joan nahiko nuke. Bera da liburuaren azalean agertzen den emakumea: Fronte Polisarioa bere etxean sortu zen, eta bere bizitzaren bidez bere herriarena kontatu daiteke. Oso emakume estimatua da, sahararren ama, bizirik dagoen mito bat.

OF THE RECORD

Marokoko marra gorriak

Maroko diktadura bat da. Bere ereserkiak dioen bezala hiru marra gorri daude: Allah, al-Watan, al-Malik; Jainkoa, Aberria eta Erregea. Ezin duzu erregea kritikatu, ezin duzu jainkoa kritikatu eta ezin duzu lurraldetasuna auzitan jarri. Sahararen auzia tabu bat da. Gerra dagoenik ere ukatzen du. Saharan kazetariak sartzea ia ezinezkoa da. Giza eskubideen ekintzaileek egiten duten lanari esker eta bertako kazetariei esker, informazio apur bat iristen da, baina zulo beltz bat da. Erabatekoa da blokeo informatiboa. Egun 55 preso politiko saharar daude. Kazetariek oso baldintza gogorretan egite dute lan. Manifestazioak grabatzeko teilatuetara igotzen dira, edo leihoetatik grabatzen dituzte. Emakumeek hainbatetan melhf-en azpian ezkutatzen dituzte kamerak eta askotan kolpatu, torturatu edo kartzelara eramaten dituzte horregatik.

(Fuente:Argia-2024/03/22)