Udan haur sahararrak hartzeko familien bila dabiltza
Oporrak Bakean programa garatuko du aurtengo udan ere Donostiako Udalak, eta Saharako hamabost haurrek uda hirian pasatzea da udalaren helburua. Haur horietako zortzik dagoeneko badituzte esleituta Donostian uda pasatzeko familiak, baina beste zazpiek oraindik ez. Horrela, haur sahararrak udan hartuko dituzten familien bila dabil udala, eta interesa duten familiek informazio bilera batean parte hartzeko aukera izango dute martxoaren 20an, 17:30ean, udaletxean.
Era berean, udaleko Aniztasun, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak kanpainari buruzko informazioa bidaliko die ikastetxeei, haurtxokoei eta hiriko beste gune batzuei. Haur horietako baten harrera eskatzeko epea apirilaren 15ean amaituko da.
38 urte daramatza funtzionamenduan Oporrak Bakean egitasmoak Donostian, Fronte Polisarioarekin elkarlanean. Aurten, parte hartzen duten Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako udalerrietara zortzi eta hamabi urte bitarteko 300 haur saharar iristea da helburua.
(Fuente:irutxulo-2024/03/06)